XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zulleren erakustaldia Navacerradan

ONCE taldeko suitzarrak zartako ederra eman zien gainerako faboritoei.

Alex Zullek Vueltako txirrindularirik indartsuena dela erakutsi zuen atzo Dyc eta Navacerrada artean jokatu zen erlojupekoan.

Manolo Saizek zuzentzen duen gazte honek 35 segundu atera zizkion Rominger-i, minutu bat Cubinori, 2.36 Delgadori eta 3.26 Breukinki.

ONCEkoak, Vuelta hasieratik duen maillot horia sendotzeaz gain, beldur pixka bat sartu die gainerako faboritoei, aldats gora ere bikain ari dela erakutsi baitzuen atzoko etapan.

Hasieran espero zen bezala, lasterketa honek ez du sailkapen nagusia erabaki baina argi eta garbi geratu da nortzuek ez duten maillot horia bereganatzeko aukera handirik.

Gorospe izan zen lehen euskal herritarra, hamargarren, eta Garmendia bigarrena, hamabigarren.

Manolo Saizek Vuelta hasi aurretik bere taldeko liderra Erik Breukink zela esan zuen arren, Alex Zullek argi eta garbi utzi zuen atzo Navacerradan, ONCE taldeko txirrindulariren batek itzulia irabazteko aukerarik badu, hori bera dela.

Kronometroak ez du gezurrik esaten eta Zullek 3.26 minutuko aldea lortu zuen Erik Breukink bere taldekidearekiko.

Horrez gain, Manolo Saizek hasiera batean esandakoaren arabera, Alex Zullek Vuelta honen hasierako bi asteetan bakarrik mantendu ahal izango du orain arte erakutsi duen maila.

Nolanahi ere, Saizek onartu egin beharko du bera ere harrituta geratu dela Zullek orain arte egin duenarekin.

Zullek aurreneko etapa irabazi zuenean inork ez zion aukera handirik eman suitzarrari, mendiko etapetan denbora asko galduko zuela esanez.

Hala ere, eta orain dela egun pare bat esan bezala, denbora asko atera beharko diote Zulleri mendiko etapetan sailkapen nagusiko lehen postutik kentzeko.

Horrez gain, eta azken urteetako itzuli handietan gertatutakoaren arabera, etapa menditsuek ez dute gauza handirik erabakitzen, erlojupeko lasterketak baitira faboritoen arteko aldeak ezartzen dituztenak.

Zulle indartsu dagoela erakusteaz gain, atzoko etapak beste gauza asko argitu zituen.

Alde batetik, Javier Minguez Seguros Amaya taldeko zuzendariak baditu pozik egoteko arrazoiak; izan ere, Cubino, Montoya eta Rincon onenen artean sartu baitziren atzoko etapan.

Manolo Saizek ondo baino hobeto aztertu beharko du zein izango den berak zuzentzen duen taldearen estrategia hemendik aurrera, hasieran liderra zen Erik Breukink makal aritu baitzen atzokoan.

AZKEN IGOERA ERABAKIORRA

Atzoko etapak hogeita lau kilometro zituen arren, ibilbidearen azken zatian erabaki zen lasterketa.

Esate baterako, Fede Etxabe eta Oliverio Rincon kolonbiarrak 16. kilometroan denbora berdina egin zuten arren, Seguros Amayako txirrindulariak 3.05 minutuko aldea atera zion bizkaitarrari azken zortzi kilometroetan.

Zulleri, ostera, ez zitzaion hori gertatu, bera izan zen eta onena, bai lautadan eta baita maldan gora ere.

Euskal Herriko txirrindulariei dagokienez, Julian Gorospe mañariarra izan zen onena, hamargarren postuan, etapa hasi aurretik aurreneko hiruren artean sartzeko gai zela esan zuen arren.

Azkenean Gorospek 3.14 minutu galdu zituen Zullerekiko.

Aitor Garmendia ere ez zen txarto ibili, hamabigarrena izan baitzen.

Fede Etxabek, ostera, 4.49 minutu galdu zituen, 4.23 Gastonek, 5 minutu Murgialdaik, 4.44 Unzagak, 5.34 Alberto Leanizbarrutiak, 5.33 Arsenio Gonzalezek eta 7.22 Juan Tomas Martinezek.

Azpimarratzekoa, Deportpublic taldeko Alfredo Irustak egin zuen lasterketa, bera izan baitzen onena gizon indartsuenak helmugaratzen hasi ziren arte.

Sailkapen nagusiari gainbegirada emanez, Zullek 1.05 minutuko aldea ateratzen dio Romingerri, 2.02 Cubinori, 2.30 Montoyari, 2.35 Marino Alonsori eta 3.21 Delgadori.

Erlojupeko probetan parekorik ez duela erakutsi du berriro Zullek.